saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala

Hemen zaude:

ALDUNDIAK ABIAN JARRI DU GORBEIBUS: SAN INAZIO EGUNEAN GORBEIARA IGOTZEKO DOAKO AUTOBUS ZERBITZUA

Ostirala, 2012(e)ko Uztailaren 27a 10:00

  • e-mailez bidali
  • Facebook bidez Partekatu
  • Twitteatu

Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak garraio publikoko zerbitzua antolatu du, Loiolako San Inazio egunean Gorbeiara igo nahi duten pertsona guztientzat.

Laugarren urtez jarraian, Bizkaiko Foru Aldundiak doako autobus-zerbitzu bat jarri du, San Inazio egunean Pagomakurrera igotzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak lotura-autobusak antolatu ditu berriro, eta, horrela, doako zerbitzu bat eskainiko du, ekologikoa eta, gainera, ingurumena babestuz, Gorbeiako mendi-pistetan gerta litezkeen zirkulazio-arazoak saihestuko dira. Orain arte, harrera ona izan du zerbitzuak, eta sendotu egin da urtean-urtean.

Zerbitzu hau Gorbeiako Parke Naturalaren zaintza hobetzeko beharrizanetik sortu da; izan ere, zenbait egunetan -San Ignazio egunean, adibidez-, ibilgailu asko pilatzen da inguru horietan. Arratian eta Nerbioin, Gurutzera igotzeko tradizio handia dago. Baina jai honek ez dio kalterik eragin behar parke naturalari.

Segurtasuna eta iristeko erraztasuna bermatzeko, itxi egingo dira Gorbeiako aparkalekuak. Horregatik, ibilgailu pribatuak Areatzan jarritako aparkalekuetan utzi, eta Pagomakurreraino autobusez joatea gomendatzen da. Zerbitzu honi Gorbeibus izena eman zaio, eta 7:30etik egongo da abian, arratsaldeko 19:30era arte, eta etengabe ibiliko da.

Parke Naturalean autoak egotea ekiditeko

Doako bost aparkaleku jarri dira Areatzan. Hala, gurutzera joan nahi dutenek herrigunean utzi ahal izango dute ibilgailua aparkatuta, eta gero Pagomakurreraino joateko, Gorbeibus hartu eta hortik aurrera igoera oinez egin ahal izango dute. Aparkalekuak leku estrategikoetan daude, eta hala oso erraza izango da Gorbeibusen abialekura (herriko igerilekuetatik hurbil) iristea. Honako hauek dira aparkalekuen kokalekuak:

  • Arratiano aparkalekua: N-240 errepidearen bi aldeetan.
  • Bolivar aparkalekua: eskolatik hurbil, BI-3530 errepidean
  • Eskola aparkalekua: Areatzako eskolan
  • Guardamino aparkalekua: Askatasuna kaletik iristen da bertara. Eliza eta eskolaren artean dago.
  • Astondoa pirotekniaren aparkalekua

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Areatzako Udalak eskerrak ematen dituzte zerbitzu hau antolatzen lagundu duten pertsona eta enpresa guztiek eman duten laguntzagatik eta erakutsi duten sentsibilitateagatik. Ekimen honekin Gorbeiarentzat kaltegarria den elementu bat, autoak, ekidin nahi da, fauna gogaitzen duten zaratak sortu eta ingurua kutsatu eta hondatzen dutelako. Era berean, eskaria egin nahi dute, gurutzera doazen pertsonek natura zaintzen lagun dezaten.

 
 
Aldundiaren logotipoa