saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala

Hemen zaude:

BILBOK ETA BIZKAIAK MARKA BEREZI BAT BILATZEKO NAZIOARTEKO LEHIAKETA BAT JARRI DUTE MARTXAN INBERTSIOAK ETA BISITARIAK ERAKARTZEKO

Osteguna, 2012(e)ko maiatzaren 24a 11:30

  • e-mailez bidali
  • Facebook bidez Partekatu
  • Twitteatu

Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia sustatzen ari diren ekimenak hiriaren eta lurraldearen posizioa eta lehiakortasuna hobetzea, merkatu berriak irekitzea eta krisiari aurre egitea du helburu.

Deialdi honen aldi berean egingo da Bilboko EL SOL Jaialdia, maiatzaren 31 eta ekainaren 2a artean gaztelaniazko publizitate- eta komunikazio-agentzia nagusiak bilduko dituena.

Epaimahaia hamar pertsonak osatuko dute, besteak beste Garry White-k, European Cities Marketing erakundearen ordezkari nagusiak, eta irailean aukeratuko du proposamen irabazlea.

10 proposamen finalistekin erakusketa publiko bat antolatuko da, herritarrek gogokoen dutena bozkatu ahalko dute eta herritarren iritzia azken erabakiaren %20 izango da.

Irudien galeria

  • Ikusi irudia osorik: Lehiaketaren aurkezpena 1
  • Ikusi irudia osorik: Lehiaketaren aurkezpena 2
  • Ikusi irudia osorik: Lehiaketaren aurkezpena 3

Herrialdeak, eskualdeak eta hiriak elkarrekin lehian daude inbertsioak, enpresak, bisitariak, ekitaldiak, biztanleak eta talentua erakartzeko. Testuinguru horretan, marka berezi eta desberdin bat izatea, ongi posizionatuta egotea eta izen ona izatea erabakigarria da munduan presentzia izateko, entzunarazteko eta arretaren gune izateko. “Branding” estrategia eraginkor bat izatearen potentzialaz eta garrantziaz ohartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak nazioarteko lehiaketa publiko bat antolatzea erabaki dute, biei batera nahiz bereizirik aplika dakiekeen marka bat diseinatzeko.

Ekonomi Sustapeneko diputatuak, Imanol Pradalesek, eta Bilboko Udalaren kontseilari ordezkariak, Andoni Aldekoak, gaur ekimen hori ezagutzera eman diote Bizkaiko Publizitate Agentzien Elkarteari, Bizkaiko hiriburuko Euskalduna Jauregian egin den topaketa batean. Lehiaketan parte har dezakete komunikazioan, publizitatean eta place brandingean lan egiten duten nazioarteko profesionalek eta enpresek, eta 40.000 euroko saria lortu ahalko dute. Saria Nortasun Korporatiboaren Gidaliburua entregatu ostean soilik emango da, proposamena bukatu eta proiektu hau sustatzen duten bi erakundeek onartu ondoren.

Epaimahaia eta ebaluazio-irizpideak

Nazioarteko epaimahaiak hamar kide izango ditu, eta Balorazio Batzorde Tekniko batek aldez aurretik aukeratutako hamar eskaintzen artean proposamen irabazlea hautatzeaz arduratuko da. Balorazio Batzorde Teknikoa Bizkaiko Foru Aldundiaren hiru ordezkarik eta Bilboko Udalaren beste hiru ordezkarik osatuko dute. Ebaluazio-irizpideak briefingarekiko egokitasunarekin, markaren kalitate tekniko eta artistikoarekin, esloganaren edo claimaren mezuaren edukiarekin eta marka gero ezartzeko ideiekin egongo dira lotuta. Proposamenak aurkezteko mugaeguna uztailaren 13a izango da, eta epaimahaiak, European Cities Marketing-en arduradun nagusi Garry White-ren zuzendaritzapean, aurtengo irailaren 21ean emango du ezagutzera bere erabakia.

Proiektu konpartitua

Epaimahaia nazioarteko hiru ordezkarik, EHUko batek, Deustuko Unibertsitateko beste batek, Bizkaiko Foru Aldundiaren bi ordezkarik, Bilboko Udalaren bi ordezkarik eta proiektuaren zuzendari teknikoak osatuko dute, eta beren botoak azken emaitzaren ehuneko 80 balioko du, herritarren botoa izango baita gainerako %20a. Ekimen hau tokiko esparruarekin konpartitzea lehentasunezko erronka bat da Udalarentzat nahiz Aldundiarentzat, eta, horretarako, hiru astez erakusketa publiko bat antolatuko da aukeratutako hamar proposamen finalistekin; horrela, interesdunek proposamen horiek ezagutzeko, baloratzeko eta egokiena iruditzen zaiena babesteko aukera izango dute.

Nazioarteko eragina

Bilbao-Bizkaiaren baterako irudiak eslogan edo claim korporatibo bat izan beharko du, eta hitz gutxitan hiriaren eta lurraldearen nazioarteko eragina indartzen duen mezu bat jaso beharko du. Lelo hori ingelesez idatzi beharko da, eta beste hizkuntza batzuetara zentzua eta esanahia mantenduz itzuli ahal izatea baloratuko da. Proposamen irabazleak nortasun korporatiboaren gidaliburu osatu bat diseinatu beharko du, eta bertan jaso beharko dira markaren koloreak eta tipografia, baita euskarri eta komunikazio-behar nagusietan izango dituen aplikazio desberdinak ere, hala nola, merchandising produktuetakoak, prentsako iragarkietakoak, karteletakoak eta Internetekoak eta sare sozialetakoak.

Lidergo sendoa eta konpartitua

“Branding” estrategia baten arrakasta bermatzeko ezinbestekoa da epe luzera planifikatzea, erakunde-lidergo sendoa izatea, herritarren benetako partaidetza izatea eta interes-talde ekonomikoen, enpresarialen, kulturalen eta sozialen lankidetzarako konpromisoa izatea. Marka bat logotipo edo eslogan bat baino askoz gehiago da. Hiri baten eta lurralde baten ospea zehazten du, atzerrian dugun irudia eraikitzen du, munduan nortasun lehiakor bat izaten laguntzen du eta tokiko komunitatea proiektu komun baten inguruan kohesionatzen du. “Branding”a gaur egun Bilbo eta Bizkaia garatzeko eta hazteko tresna erabakigarria eta ahaltsua da. “Nazioartean izen ona” izatea ezinbestekoa da, besteak beste, negozioak erakartzeko, bisitariak irabazteko, ekitaldiak kontzentratzeko eta herritarrek beren sorterriarekin duten identifikazioa areagotzeko.

www.bilbaobizkaiabranding.com

“Bilbao-Bizkaia Marka eta Atzerrian duen Proiekzioa Sortu eta Diseinatzeko Nazioarteko Lehiaketa Publikoa”ren oinarriak gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez aurki daitezke www.bilbaobizkaiabranding.com web orrian. Deialdi hau sustatzen duten erakundeek jasotako proposamen guztien anonimatua babestea bermatu beharko dute, hau da, epaimahaiak, hausnartzean, ezingo du jakin zein enpresak edo profesionalek parte hartzen duten lehiaketan, prozesuaren gardentasuna eta inpartzialtasuna babesteko.

 
 
 
Aldundiaren logotipoa