saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala

Hemen zaude:

BIZKAIKO HONDARTZEN ERDIEK LORTU DUTE KALITATE ETA INGURUMENEKO ISO AGIRIA

Asteartea, 2012(e)ko Abuztuaren 7a 11:00

  • e-mailez bidali
  • Facebook bidez Partekatu
  • Twitteatu

Gorlizko hondartzak kalitate eta ingurumeneko ISO agiria lortu du; beste 13 hondartzak ere badute agiria. Lurralde bakarra da non hondartzen erdiek UNE ziurtagiri bi hauek dituzten: kalitateko ISO 9001/2008 eta ingurumen-kudeaketako 14001/2004.

Bizkaian zabaldun egin da Hondartzen Ingurumen Kudeaketa eta Kalitaterako Sistema Integratua. Bizkaiko hondartzen erdiek lortu dituzte kalitateko 9001/2008 eta ingurumen kudeaketako 14001/2004 ISOko UNE ziurtagiriak. Gorliz hondartza gehitu da zerrenda horretara. Beste ezein lurraldek ez du lortu errekor hori.

Iosu Madariaga Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Saileko diputatuaren esanetan, Gorlizko hondartzak ziurtagiria lortu izana “beste urrats bat da Bizkaiko hondartzen kudeaketa integrala, hau da, hondartzetako zerbitzuak eta ingurumeneko babesa, etengabe hobetzearen alde esku artean dugun apustuan”. Eta gaineratu du ziurtagiri hau are garrantzitsua da kontuan hartuta erabiltzaileek berek pairatu behar izan dituztela Espainiako Gobernuko Itsasertz Mugarteak Astondon eginiko lanen ondorioak.

Madariagak gogorarazi duenez, herritarrei kalitateko zerbitzuak eskaintzea da Kudeaketako Sistema Integratuaren lehentasunezko xedea, betiere zerbitzuok ematen diren naturagunearen babesa bermatuta. Kasu honetan, hondartzen erabilera eta horien zaintza bateragarri egitea da helburua. “Oreka hori funtsezkoa da, hiritarren aisiarako eta aire zabaleko atsedenerako guneetarako eskaria handia dela eta, udan presio handia jasaten duten natur gune ahulei buruz ari garelako” aitortu du Iosu Madariaga foru diputatuak.

Bizkaiko Hondartzetako Sistema Integratuaren ezaugarri garrantzitsuena 2003. urtean martxan jarri zenetik bertan parte hartzen duten administrazioen arteko koordinazio ezin hobea izan da: Bizkaiko Foru Aldundia, udalak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila.

Hauek dira ziurtagiriei eutsi dieten hondartzen zerrenda: La Arena (Muskiz/Zierbena), Arrietara Atxabiribil (Sopelana), Bakio, Laida (Ibarrangelu), Laga (Ibarrangelu), Ogella (Ispaster), Isuntza (Lekeitio), Karraspio (Mendexa), Plentzia, Arrigorri (Ondarroa), Ereaga (Getxo), Arrigunaga (Getxo), Aritzatxu (Bermeo) eta Gorliz.

Ingurumena hobetzeko programak

Kalitateko 9001/2008 eta ingurumen kudeaketako 14001/2004 ISOko UNE arauek etengabeko hobekuntza eskatzen dute eta horrek abian jarri ditu emandako hondartzetako zerbitzuen kalitatea hobetzeko eta 4 milioi erabiltzailek baino gehiagok aisialdiko gune legez erabili izanaren ondorioz hondartzek jasaten duten ingurumeneko eragina murrizteko kudeaketako egitarauak.

Hala, ziurtagiriak lortu dituzten hondartzek eguzki-panelak dituzte salbamendu eta sorospen zerbitzuek erabiltzen duten megafoniarako energia berriztagarria sortzeko, eta eko-erreduktoreak hondartzetako komunetan, iturrietan eta dutxetan, uraren kontsumoa murrizteko.

Bereziki landu den ingurumenaren arloko beste aspektuetako bat hondakin gutxiago sortzea eta hondakinen gaikako bilketa izan da, bai erabiltzaileek sortutako hondakinak, zein mareak utzitakoak.

 
 
Aldundiaren logotipoa