saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala


Hemen zaude:

BISCAYTIK PROIEKTUA AURKEZTUTA, INFORMAZIOAREN ETA EZAGUTZAREN TEKNOLOGIEN ARLOKO PROIEKTU AINTZINDARIA

Osteguna, 2008(e)ko Ekainaren 12a 12:00

• Ahaldun Nagusiaren batera, Rosa Garcia Microsoft Iberia enpresako presidentea egon da aurkezpenean.

• MICROSOFT enpresak garatuko du proiektua, 17,4 milioi euroren truke.


  • Aldundiak “bizkaia.eu” domeinua gaituko du, eta bizkaitar guztien esku jarriko du doako posta elektroniko bat, publizitaterik gabe eta euzkeraz.
  • Udalen kudeaketa integralerako informatika-programak garatuko dira, baita herritarrek toki-administrazioekiko izapideak egiteko web atari bat ere.
  • Getxon nazioartean erreferente izango den zentro teknologiko bat sortuko da. Bertan, teknologiei eta BiscayTIK proiektuaren bidez abiarazitako zerbitzuei buruzko ezagutza sortu eta zabalduko da.
  • Inbertsioa 45 Milioi eurokoa izando da (20 Milioi Projektuaren garapena, 15 Milioi Teknologi Zentrua eta10 Milioi Teknologi Gunea)
  • 30 – 40 lanpostu berri sortuko dira, lehenengo hiru urtetan, eta 150 ondorengo lanpostuak

José Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak BiscayTIK proiektua aurkeztu die komunikabideei. Proiektu honen bidez, gobernu-programan arlo honetan hartutako konpromiso bat bete nahi du. Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak teknologia berrien alde egindako apustua garbi geratzen da berriro ere.

Bilbaok azpimarratu du orain unerik egokiena dela; izan ere, Bizkaiko ia biztanle guztiek eskuragarri dute Interneteko sarbidea banda zabalaren bidez, egunez egun gero eta gehiago erabiltzen da Internet, eta baliabide seguruak daude nortasuna eta sinadura elektronikoa egiaztatzeko.

Aldundiak urtebete behar izan du BiscayTIK proiektuaren diseinua eta lizitazioa egiteko. Horren ondorioz, Lantik foru enpresaren bidez, MICROSOFT enpresari adjudikatu dio proiektuaren garapena. Horretarako, 17,4 milioi euro ordainduko dizkio. Honako hauek dira proiektuaren helburu nagusiak:

  • Administrazioa herritarrengana hurbiltzea, komunikazio bide berri baten bidez, Internet bidez (hala, herritarren eta administrazioaren arteko elkarreragina errazten da)
  • Bizkaiko udalen informatika-tresnak homogeneizatzea, udal horien barne-kudeaketa eta herritarrekiko harremanak hobetzeko, eta
  • Bizkaia nazioarteko erreferente bihurtzea udal administrazioan informazio eta ezagutza teknologien aplikazioari dagokionez.

Hiru helburu horiek proiektuaren hiru ardatzetan gauzatzen dira; hona hemen hiru ardatz horiek:

  • Posta elektronikoko zerbitzua herritarrentzat,
  • Udaletarako informatika-programak eta herritarrek izapideak egiteko web ataria eta
  • Nazioarte mailan erreferente izango den zentro teknologiko bat sortzea.

Doako posta elektronikoa

Bizkaiko Foru Aldundiak “bizkai.eu” domeinua gaituko du, eta bizkaitar guztien esku jarriko du doako postontzi bat. Edozein nabigatzailetatik sartu ahal izango da postontzi horretara; postontziaren edukiera 5 GBkoa izango da eta administrazioarekin zuzenean harremanetan jartzeko balio izango du.

Aurreikuspenaren arabera, 2009. urtearen hasieran gutun bat bidaliko zaie bizkaitar guztiei, eskatzen duten guztiei posta-kontua esleitzeko.

Udaletarako informatika-programak eta herritarrek izapideak egiteko web ataria

Proiektuaren bigarren jarduera udaletarako informatika-sistema bat abiaraztea da. Horren bidez, udalek kudeaketa integraleko sistema bakarra izango dute; sistemak herritarrei aukera emango die administrazioarekin harremanetan jartzeko, etxetik irten gabe.

Sistemak barne-kudeaketarako soluzio informatikoak emango dizkie udalei hainbat arlotan: erregistroan, erroldan, kontabilitatean, giza baliabideetan, aurrekontuan, ondare eta inbentarioan, zergen kudeaketan eta bilketan, mendekotasunaren zerbitzuan.

Web atariak aukera emango die herritarrei Internet bidez beren udalekin 100 izapide egiteko (ziurtagiriak, baimenak, eskabideak, izen-emateak, eta abar);

  • Herritarren eta administrazioaren arteko harremana erraztuko du
  • Izapideak egun osoan, 24 orduetan, egin ahal izango dira, eta urtearen 365 egunetan
  • Arreta pertsonalizatua emango du
  • Erabiltzailearen nortasunaren egiaztapena egingo du
  • Erantzuna denbora laburrean emango du
  • Bidaiarik eta itxaronaldirik ez da egin behar izango, eta
  • Espediente bakoitzaren egoera jakin ahal izango da.

Bizkaiko Foru Aldundiak proiektua probatzeko saio bat egingo du Abanto Zierbena, Balmaseda, Basauri, Galdakao eta Mundakako udaletan eta Arratiako Udalen Mankomunitatean.

Zentro teknologiko aitzindaria

José Luis Bilbaoren esanetan, zentro hau aitzindaria izango da nazioarte mailan; bertan, teknologiei eta BiscayTIK proiektuaren bidez abiarazitako herritarrentzako zerbitzuei buruzko ezagutza sortu eta zabalduko da.

Helburua herri administrazioek teknologiak gehiago eta hobeto erabiltzea da, herritarrei aukera emateko zerbitzu publikoak Internet bidez erabiltzeko, BiscayTIK proiektuaren bidez eginiko esperientziak oinarri. Zentro honetan, Bizkaiko udaletarako sistema integratua garatuko da, enpresa teknologikoei lagunduko zaie; eta zentro horretan lortutako ezagutza beste administrazio batzuei esportatu ahal izango zaie.

Urte honen amaieran inauguratuko da zentro teknologikoa, behin-behineko leku batean eta Zentru berria Getxon kokatuko da.


 

Abisua

Informazio honi lotutako estekak beste leiho batean irekiko dira.

Erantsitako fitxategiak:

Prentsa Agiria (49 Kb.)


Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, klikatu esteka deskarga egiteko.

 
 
Aldundiaren logotipoa