Hemen zaude:
Asteazkena, 2012(e)ko Maiatzaren 2a 14:32
Horrela, urteko planean sartutako jarduera batzuk finantzatuko dira, besteak beste, honako hauek: enpresa-jardueraren egitura eta garapenari buruzko hileko txostenak egitea, edo negozio bat abian jartzeko laguntzak izapidetzerakoan aholkularitza eskaintzea
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak adostu dute aurten 2.365.000 euro bideratzea DEMA erakundera, enplegagarritasuna hobetzera bideratutako jardueren garapena finantzatzeko eta Bizkaiko enpresak egonkortzeko. Ekarpen ekonomiko hori erakunde biek iazko abenduan sinatu zuten esparru-hitzarmenean zehaztu zen. Hitzarmenaren gutxieneko iraupena lau urtekoa da, eta, hari esker, DEMA eta Lanbide lankidetzan arituko dira enpresen dinamizazioa eta enplegua sortzea sustatzen duten politikak garatzeko.
Aurtengo urterako ezarritako zenbatekoa urteko planean sartzen diren jarduera batzuk finantzatzera bideratuko da, besteak beste, honako hauek: laguntza publikoen izapidetzan aholkularitza eskaintzea, negozioak sortu, abian jarri eta egonkortzeko; Lanbide Heziketako ikasleen artean enpresa-ideien lehiaketa egitea; komunitate digitala sortzea lan-merkatuari buruzko informazioa nahi duten gazteentzako topagunea izan dadin; hileko txostenak egitea Bizkaiko enpresen jardueraren egitura eta garapenari buruz; edo ekonomiaren eta lanaren arloan, tokiko garapen-programak abian jarri eta mantentzea. DEMAk enpresen egonkortasuna ere sustatuko du, Indartu Mercado eta Indartu Planificación Estratégica programen bitartez. Halaber, Prestik enpleguaren azokaren eta Orientabidearen arduraduna izango da (prestakuntzako ibilbideak bilatzeko tresna da Orientabidea, Bizkaian prestakuntza arautuaren arloan dauden aukerak zeintzuk diren eta bakoitzak dituen irtenbide profesionalak ikusteko).
2012rako urteko planean, Lanbiderekin lankidetzan egingo diren jarduerak ere aurreikusi dira. Horrela, esate baterako, honako hau zehazten da: Lanbide eta DEMA koordinatu egingo dira enpleguari buruzko programen jarraipena eta ebaluazioa egiteko, eta DEMAk lan-merkatua eta ekoizpen-egitura aztertzeko hilero egiten dituen txostenen emaitzak partekatzeko.
Aurtengo urterako aurrekontuaren 2,3 milioi euroetatik 1,4 Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu, eta 945.000 euro Bizkaiko Foru Aldundiak. Izan ere, erakunde biek sinatutako esparru-hitzarmenean xedatu da Eusko jaurlaritzak % 60ko ekarpen ekonomikoa egingo duela, eta Aldundiak berriz, % 40koa.